TIPULA MARMELADA

Osagaiak

  • 10 tipula eder
  • Koilaratxokada bat gurin
  • 2 koilarakada azukre
  • 10 koilarakada oliba olio
  • 8 koilarakada handi granadina
  • Gatza

Errezeta


Zerrenda mehetan moztuko ditugu tipulak, kontu handiz. Tipulak eroso sartuko zaizkigun kazola zabal batean ipiniko dugu azukrea. Kazola su ertainean jarri eta karamelatzen utziko dugu azukrea, ezti-ezti, erre ez dadin. Karmelo gorrixka lortu dugularik, gurina erantsi eta urtzen utziko dugu: orduantxe sartuko dugu tipula eta biraka erabiliko dugu ondoren, ongi bustitzeko. Sua biziagotu, oliba olioa isuri eta gatza emango dugu. Zurezko zaliari eragiteari utzi gabe, karamelatzen utziko dugu tipula, eta kolore ilun erakargarria hartuko du arian-arian, erretzen uzten ez badiogu. Honelaxe jokatuko dugu 30 minutuan, zaliari eraginez bira eta bira. Ondoren, kazola estali, sua eztitu, eta ordu pare batean edo utziko dugu tipula konfitatzen. Ordu erdia lehenago, tapa erretiratu eta, gatz pixar bat gehiago eman eta gero, granadina isuriko dugu. Nahasi eta bere horretan utziko dugu tipula, marmelada-hari gozo bihurtua dagoeneko, ontzen eta gozatzen.

Bi orduak igarotakoan, sutatik atera eta hozten utziko dugu kazola. Potetan sartu ahal izango dugu marmelada, edo hozkailuan eduki, kontsumitu arte.

Tipulak zerrenda mehetan moztu orde, tipula pikatua ere erabil dezakegu marmelada egiteko, bai eta beste gai batzuk ere, porrua edota are endibiak ere. Oso interesgarria da eskaintzen diguten kutsu mikatza.

Bikaina da marmelada hau plantxan nahiz kazolan erretako edozein haragiren ondoan. Aproposa bereziki ogi tartean jateko, oilasko erre puskaren batekin eta allioli pixar batez. Koilarakada bat erantsi ahal izango dugu dadotan mozturiko arandoi edo barrabil batzuk salteatu bezain laster, salteaturiko gaia sutatik atera baino lehentxeago.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?