TOMATE KONFITATUA

Osagaiak

  • 30 tomate txiki (sortakoak), golfeko pilotaren tamainakoak
  • 15 baratxuri ale
  • Oliba olioa
  • Gatza eta azukrea
  • Ezkaia, 4 adaxka
  • Laberako paper sulfuroztatua, orri bat

Errezeta


Zurtoina kendu tomateei eta egin azpialdean ebaki bat, gurutze tankeran. Jarri ura suelto irakiten eta borborka hasten denean sartu tomateak, sail txikietan, eta eduki ur irakinetan segundo batzuez. Berehala sartu ur izoztuan, freskatzeko. Tomate guztiak uretatik pasatakoan edo galdostutakoan (sukaldari saritu batek esango lukeen bezala) azala kendu eta erdibitu, zabaletara.

Kontu handiz kendu barneko hazi gelatinatsuak eta mamia besterik ez utzi. Horrela izango ditugu hirurogei tomate erdi txiki. Gopor batean sartu denak eta gobernatu gatz eta oliba olioz, mixerian ibili gabe.

Labeko erretilu batean edo bitan, gure labearen arabera, labeko paperaren orria (ez badugu horrelako paperik aurkitzen, aluminiozko batez baliatu) eta tomate guztiak erretiluan jarri, alde borobila azpialdea ukituz, parparreatu gainera azukrea, ezkai adaxkak eta baratxuriak osorik, azal eta guzti, eta sartu labean 90 graduan 3 orduz. Hiru ordu horien buruan, jiratu eta beste 2 orduz eduki erretilu berean. Tomateak konfitaturik gelditu behar du, lehor, deshidrataturik, baina bere kolore gorri bizia galdu gabe; ez dute inondik inora ere belztu edo erre behar, su handiegian egin diren seinale baita hori.

Egia esan tomateak horrela egitea behiak hausnarrean ikustea baino aspergarriagoa da, baina hartutako lanak merezi du, gero dadotan zatiturik entsalada batean edo xehaturik ozpin saltsa batean erabili baitaitezke.

Hoztutakoan, onena ongi ixten den ontzi batean gordetzea da, oliba olio birjinatan murgildurik, hozkailuan, hiru hilabetez gehienez ere.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?