TOMATEAK HEGALUZEZ BETETA ALLIOLI SALTSAREKIN

Osagaiak

  • 8 tomate heldu, ertainak eta trinko-trinkoak, betetzeko
  • Hegaluzea oliotan, ongi hautatua, 8 zati eder
  • Tipulin bat, xehatua
  • Baratxuri ale bat, xehatua
  • Perrexil xehatua
  • Oliba olio birjina, 2 koilarakada
  • Allioli saltsa, 16 koilarakada
  • Gatza

Errezeta


Zurtoina fruituari itsatsia badago, ez mototsa kendu, politagoak geldituko baitira tomateak labetik pasatu eta gero. Bestetik, tomateei azpialdean egin ebaki bat, gurutze tankeran. Jarri ura suelto irakiten eta borborka hasten denean sartu tomateak, sail txikitan, eta eduki ur irakinetan segundo batzuez. Berehala sartu ur izoztuan, freskatzeko. Tomate guztiak uretatik pasatakoan edo galdostutakoan (sukaldari saritu batek esango lukeen bezala) azala kendu eta goiko aldean ebaki bat egin, txapela moduko bat kentzeko. Koilara txiki batekin, edo, aski ez bada, labana zorrotz batekin, barnealdea hustu, eta betetzeko hutsune bat utzi. Kendutako mamia gorde beste zeregin batzuetarako (tomate saltsa egiteko, konparazio batera, edo betegarriari gehitu, bakoitzak zer nahi) eta tomateen barnealdea gozatu, gatz pittin batekin.

Gopor batean hegaluzearen xaflak askatu, gehiegi ez puskatzen saiatuz, jatean geruzak sumatzeko moduan, eta gehitu tipulina, baratxuria, perrexil xehatua eta oliba olio birjina. Tomate mami xehatua gehitu nahi badiogu, aurrera. Zuzendu gatz puntua. Hor dugu betegarria.

Tomateen azpialdean, allioli koilarakada bat jarri eta haren gainean hegaluze gobernatua. Tomateak beteta daudenean, bota gainera beste koilarakada bat allioli eta jarri txapelak. Tomateen gainera oliba olio birjinaren hari bat isuri eta mahaira.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?