TXERRI MUINAK EGOSTEKO ERA

Beharrezkoak

  • 8 txerri muin
  • Baratxuri-buru baten aleak, azala eta guzti
  • Porru bat, pikatua
  • Tipulin bat, pikatua
  • Perrexil adaxka batzuk
  • Xorta bat oliba olio
  • Xorta bat sagardo-ozpin
  • Ura eta gatza

Errezeta


Muinak uretan pasa eta beratzen utziko ditugu ontzi txiki batean, ur ugarian eta izotz puska batzuekin. Gutxienez ordu bete edukiko ditugu beratzen. Horren ostean, kontu handiz eskuan xukatu, eta kendu egingo diegu estaltzen dituen mintza, muinen tarte guztietan sartzen dena, hatz mamiekin tira eginez. Gorde egingo ditugu muinak.

Kazola batean olio pixar bat isuri, eta sueztituko ditugu hartan baratxuriak, porrua, tipulina eta perrexila. Minutu batzuk igaro ondoren, erantsi egingo dugu ozpin pixarra. Lurrintzen utzi eta urez estaliko dugu guztia, gatz apur bat eman ondoan. Irakiten jarriko dugu, eta borborka hasi bezain laster sartuko ditugu poliki-poliki muinak, ura berriro irakiten has dadin arte. Irakiten hasi orduko, sua itzali, eta saldan utziko ditugu pausatzen muinak, salda hoztu arte. Estali eta sartu egingo ditugu hozkailuan. Erabili nahi izatean, saldatik atera eta errezetak dioen bezala prestatuko ditugu.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?