TXERRI MUTUR IRIN-ARRAUTZEZTATUAK

Osagaiak

  • 6 txerri mutur garbi eta ilerik gabe
  • Baratxuri-buru bat
  • Porru bat, osorik
  • Tipulin bat, osorik
  • Oliba olioa
  • Ura
  • Gatza
  • Irina eta arrautza joa
  • Oliba olioa, frijitzeko
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Kazola batean oliba olio xorta bat isuri eta alde guztietatik gorrituko ditugu hartan txerri muturrak. Erne olio-zipriztinekin! Ongi txigortuta utziko ditugu. Koipe soberakina erretiratu eta baratxuri-burua, porrua eta tipulina irauliko ditugu kazolan. Irauli batzuk eman eta ur beroaz estaliko dugu guztia, 3 hatz gainetik. Gatz pixka bat eman eta kazola estalia utziko dugu guztia egosten bi orduz, erdi irakinean. Kazola ez da ur eskas geldituko, gaiak estaliko ditu beti eta lurrindu ahala berritu beharko da. Xamur daudelarik, kazolatik aterako ditugu txerri muturrak. Egosi diren salda iragaziko dugu ondoren, zopa bat egiteko, gisatu bat maneatzeko edo uraren ordez erabiltzeko. Ez dugu, bada, alferrik galduko!

Beren epelean utziko ditugu muturrak eta, kontu handiz ez hausteko, kenduko dizkiegu erdialdean ageri dituzten kartilagoak. Puska ertainetan zatitu eta, hoztu direnean, gatza eman, irin-arrautzatan pasa eta oliba olio ugaritan frijituko ditugu, ongi gorritu arte. Xukatu eta allioli saltsarekin edo ziape-maionesa on batekin jango ditugu.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?