TXIPIROI FRIJITUAK

Osagaiak

  • Kg bat txipiroi, erdi tamainakoak
  • Irina
  • Gatza
  • Oliba olioa, frijitzeko
  • 2 baratxuri ale

Errezeta


Ongi garbituko dizkigute txipiroiak arrandegian, tripak kendurik eta gorputzak (azal ukitu gabe, oso garrantzitsua da hau) eta garroak bereizirik. Txipiroien azala oso mamitsua da, horregatik ez da sekula kendu behar, egoera onean badago. Garbitu ondoren, uretatik pasa eta ongi lehortuko ditugu txipiroiak. Handiak badira, puska ertainetan zatituko ditugu.

Padera batean oliba olioa isuriko dugu, ugari eta ausarki, 2 hatz bete gora. Su eztian jarriko dugu ondoren, baratxuriekin batean, erre gabe olioa ongi kutsa dezaten. Minutu batzuen buruan, baratxuriak erretiratu eta biziagotu egingo dugu sua. Olio bero horretan sartuko ditugu txipiroiak, gatza eman eta irinetan azaletik pasa eta gero. Buelta eta buelta edukiko ditugu, ongi gorritu arte. Hiru edo lau txandatan frijituko ditugu txipiroiak, olioaren tenperatura apal ez dadin. Gorri eta kraskatsu xukatuko ditugu txipiroiak eta limoi atal batzuekin zerbitzatu.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?