TXIPIROIAK ERROMAKO ERAN

Osagaiak

  • Kg bat txipiroi, triparik eta barruko lumarik gabe
  • Esnea
  • 2 baratxuri ale, zanpatuak
  • Gaiak frijitzeko orea
  • Oliba olioa
  • Gatza

Errezeta


Arrandegian garbituko dizkigute txipiroiak. Azala fresko eta kolperik gabe badago, errespetatu egingo dugu. Zerrenda edo zirrindolatan moztuko ditugu gorputzak, tamainaren arabera, taberna eta ostatuetan lortu ohi duten itxura emanez, hatz erdiko lodierako puskak eginez. Modu berean jokatuko dugu hegalekin, eta alde batera bereiziko ditugu garroak. Gatz ugari eman eta esnetan murgilduko ditugu puskak, zanpatutako baratxuri aleekin batean. Ordu batzuetan egongo dira horrela, hozkailuan.

Epe horren ostean xukatuko ditugu. Esnea, katuarentzat. Eta baratxuriak, gogoko dituenarentzat (txipiroiekin batean frijitu ahal izango ditugu).

Hona hemen nola jokatuko dugun ondoren. Ongi xukatu eta lehortu ondoren, irinetan pasatuko ditugu txipiak: soberakina kendu eta leunki murgilduko ditugu ondoren gaiak frijitzeko orean. Solterik frijituko ditugu, ez motroiloan, oliba olio berotan, eta erretilu batean xukatuko ditugu ondoren. Lana bukatu eta limoi atal batzuekin, badira mundu honetan azidozale porrokatuak, eta garagardo hotz batekin zerbitzatuko ditugu. Gatza emango diegu berriro, gezatxo sumatzen baditugu.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?