TXIPIROI OGI-ARRAUTZEZTATUAK

Osagaiak

  • Kg bat txipiroi, triparik eta barruko lumarik gabe
  • Esnea
  • 2 baratxuri ale, zanpatuak
  • Ogi birrindua
  • Oliba olioa
  • Gatza

Errezeta


Arrandegian garbituko dizkigute txipiroiak. Azala fresko eta kolperik gabe badago, errespetatu egingo dugu. Zerrenda edo zirrindolatan moztuko ditugu gorputzak, tamainaren arabera, taberna eta ostatuetan lortu ohi duten itxura emanez, hatz erdiko lodierako puskak eginez. Modu berean jokatuko dugu hegalekin, eta alde batera bereiziko ditugu garroak. Gatz ugari eman eta esnetan murgilduko ditugu puskak, zanpatutako baratxuri aleekin batean. Ordu batzuetan egongo dira horrela, hozkailuan.

Epe horren ostean xukatuko ditugu. Esnea, katuarentzat. Eta baratxuriak, gogoko dituenarentzat (txipiroiekin batean frijitu ahal izango ditugu).

Hona hemen nola jokatuko dugun ondoren. Ogi xukatu eta lehortu eta gero, ogi birrinduan pasatuko ditugu txipiak. Solterik frijituko ditugu, ez motroiloan, oliba olio berotan, eta erretilu batean xukatuko ditugu ondoren. Lana bukatu eta limoi atal batzuekin, badira mundu honetan azidozale porrokatuak, eta garagardo hotz batekin zerbitzatuko ditugu. Gatza emango diegu berriro, gezatxo sumatzen baditugu.

Oso goxoak geratuko zaizkigu horrela maneaturiko txipiak ogi birrinduari perrexil xehatua eta baratxuri pikatua erantsiz gero txipiak nahastura horretan igurtzirik frijitzen baditugu. "Umorearen arabera" jokatuko dugu, nire amak esango lukeen bezala.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?