TXIRLAK PLANTXAN

Osagaiak

  • 1,6 kg txirla
  • 4 koilarakada handi oliba olio
  • Kaienako piper-mutur bat
  • 2 baratxuri ale, xerratan moztuak
  • koilarakada handi bat sagardo-ozpin
  • Perrexila, trauskil xehatua
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Ur ugarian garbituko ditugu txirlak, barruan eduki dezaketen zikina edo hondarra ongi garbitzeko. Kalitatezko txirlak erosi behar dira beti, suerta litezkeen toxikazioak saihestearren. Xukatu eta lehortuko ditugu, garbitu ondoren.

Txirla guztiak sartuko diren padera zabal bat hartu, olioa isuri eta su gainean jarriko dugu. Olioa berotzen hasi denean erantsiko ditugu kaiena eta baratxuri xerrak eta erretzen utzi aurretik irauliko ditugu txirlak. Bueltaka erabiliko ditugu ondoren. Su bizian eta bizkor salteatu behar dira txirlak: erretilu bero batera erretiratuko ditugu irekitzen hasi direla sumatu bezain laster.

Txirla guztiak erretilu beroan dauzkagula, sagardo-ozpina isuriko dugu kazolan eta hantxe utziko dugu une batzuetan murrizten, ozpinaren garratza gabe haren zapore baizik ez dadin gera.

Padera sutatik kanpo dagoela gaineratuko dugu perrexil xehatua eta zurezko zaliaz eragingo diogu saltsari, lodi dadin. Gatz puntua neurtu, behar badu zuzendu eta mantso irauliko dugu saltsa txirlen gainean, bero egongo dira eta oraindik.

Beharrezkoa bada, padera aldi bakar batean egiteko adinako padera edo kazolarik ez badugu, bi edo hiru txandatan egingo ditugu txirlak.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?