TXITXARROA LABEAN

Osagaiak

  • Txitxarro eder bat edo bi ertain, 4 lagunentzat, ezkata, alboko hezur eta errairik gabe
  • Baso erdi bat ardo zuri
  • 6 koilarakada oliba olio
  • 4 baratxuri ale, xerratan moztuak
  • 3 koilarakada sagardo-ozpin
  • Perrexil pikatua
  • Gatza
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Gatza eman eta labeko erretilu batean paratuko dugu txitxarroa. Ardo zuria eta oliba olio pixka bat isuriko dugu ondoren. Aldez aurretik 180º-tan berotutako labean sartuko dugu txitxarroa, eta hantxe edukiko dugu 25 bat minutuan. Arrainaren zukuaz garaztatuko dugu aldiro-aldiro, alde mamitsuak erdiko hezurretik aise askatzeko moduan daudela ikusi arte. Heze egongo da beti erretiluaren hondoa, eta ura erantsiko dugu ardoa lurruntzen bada. Egizu kontu kilo bakoitzeko15 bat minutu egin behar dituela arrainak labean.

Bukaera aldean, txitxarroa ia egin denean, zartagin batean olioa su bizian berotu eta baratxuri xerrak gorrituko ditugu hartan. Txigortu direnean, sagardo-ozpina eta arrain errearen zukuaren parte bat gaineratu eta irakiten edukiko dugu guztia segundo batzuetan. Erne zipriztinekin! Perrexila erantsi eta baratxuri-olio hori garaztatuko dugu erretiluan bitan irekia izango dugun txitxarroaren gainean. Berehala zerbitzatu.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?