Xolomo Sapiens

Xolomo Sapiens


@xolomosapiens naiz twitterren

Obispo tarta, Teresarena

Obispo-tarta1

fugzu

Egun hauetan zein opil edo gozoki egin erabaki ezinda bazabiltza, ez zara damutuko kasu egiten badiguzu. Batere zalantzarik gabe, Obispo deitzen diogun tarta gomendatzen dizugu, biziki gainera. Hartu pataxadaz, hala ere, ez da eta erraz-errazetakoa, bai, ordea, apartekoa.

Teresa Naparranekoa esaten genion gure lagun batzuen amamari. Argarate zuten abizena, baina oraindik ere Naparranekoak dira haiek guretzaq.

Sukaldari handia izan zen Teresa, Altzolako bainuetxeko sukaldean aritutakoa. Berak erakutsita iritsi zaigu eta guk dakigula, Elgoibarko etxe bakan batzuetan baizik ez da egiten. Gurean bederen bai.

(Pena da, baina ez daukagu argazkirik. Aurtengo Gabon gauekoari egingo diogu hurrengo batean argitaratzeko).

 

Osagaiak.

  • 250gr. arbendol edo almendra xehatu
  • 100 g. arbendol osorik
  • 250 g. azukre
  • 8 arrautza-gorringo
  • 8 arrautza-zuringo
  • 125gr. gurin
  • 30×30 cm-ko ontzi karratu bat (gaileta kaxa metalezko baten tapa edo)

Errezeta.

Zuringoak jo eta jaso ahala, azukrea gehituko dugu apurka, lau koilarakada bota gabe utziz. Ondoren arbendol xehatua gehitu eta dena nahasiko dugu. Moldean jarriko dugu guztia. Honek karratua behar du izan eta altuera handirik gabekoa, 3cm-ko ertzak nahikoa dira. Labe epelean jarriko dugu, su motelean, 100ºra ordu erdiz, egin dugun orea lehor geratu gabe gogortu artean.

Bitartean, bainu marian jarritako katilu edo gopor batean, gorringoak joko ditugu lau koilarakada azukrerekin batera. Poliki-poliki, gurina gehitzen joango gara, baina kasu!, oso garrantzizkoa lan hau ondo egitea. Gurina urtu egingo dugu lehenbizi eta hozten denean bakarrik gehituko dugu apurka gorringoetara, dena nahasiz.

Labean egindako orea atera eta erditik ebakiko dugu labanaz. Erdietako bat zerbitzatzeko erabiliko dugun azpilean jarri eta gainean jarriko diogu gorringo-gurinez lortutako siropa edo jarabe lodiaren erdia. Kolore laranja ilun ederrekoa izango da berau. Ondoren, beste erdia jarriko diogu gainean.

Osorik dauzkagu arbendolei, beroaldi bat emango diegu labe bizian, apur bat txigor daitezen eta ondoren zapi baten barnean jarri eta jo egingo ditugu, zati zaztarrak lortzeko. Kontuz, ez birrindu gehiegi. Ez da komeni arbendola oso hondartsua geratzea. Zati txikiak bai, baina zatiak behar ditugu, azken finean. Tartaren gainetik eta alboetatik erortzen dela gehituko dugu gorringoen oretik geratzen zaiguna eta, azkenez, arbendol txigortu eta zatituaz zipriztinduko dugu guztia. Prest dago, utzi hozkailua ez den leku fresko batean, zapi batez estalirik. Jakingo duzue ederki Obispoek zein ongi ezagutzen zuten zerua.

cc-by-sa Sukaldean.

Continue reading

Maiteren saltsa, barazki egosiak laguntzeko

Saltsa hau azkarra, erraza eta apartekoa geratzen da puntuan egositako barazkiekin jateko: patata, azenario, arbi, azalore, brokoli, porru oso…

Osagaiak

  • 1 Goilarakada perrexil zabarki xehatua
  • 1 Goilarakada tipula xehatua
  • 4-5 goilarakada gazta fresko, “fromage fraiche” edo Filadelfia motakoa. Igurtzekoa, alegia.
  • 1 Goilarakada olibolio birjin extra (OBE)
  • 1/2 Goilarakada limoi zuku
  • Gatz apur bat
  • Azukre poxi bat

Errezeta

Saltsak asko aberastuko dizu mahai gainekoa, baina saia zaitez barazkiak ez gehiegi egosten. Puntuan behar dute.

Katilu batean perrexila eta tipula jarri. Gazta gaineratu eta dena irabiatu. Gatza, azukrea eta limoia egin ondoren, dena irabiatu. Olioa egin eta arinki irabaiatu, olio zantzuak nabari utziz.
Barazkiak laguntzeko erabili.

(Oharra: saltsa hau zuria geratuko zaizu. Argazkikoa, esaterako, azalore tentearekin jateko erabili da. Oso gomendagarria da beste saltsa bat ere egitea, berdin-berdina, baina Dijongo ziape edo mutarda goilarakada erdi gehituta. Bigarren hau horizta geratzen da, eta asko aberastuko duzu barazkien dantza, bi katilutxotan bi saltsa desberdin aurkeztuta).