TXERRI MINGAINA ETA PATATAK ENTSALADAN
8 txerri mingain garbi
Baratxuri-buru bat
Porru bat, osorik
Tipulin bat, osorik
Kg bat patata, uretan egosiak eta zurituak
Eskukada bat perrexil, trauskil moztua
Oliba olio birjina
Xorta bat limoi zuku
Ura, gatza eta piperbeltz eho berria
Kazola batean olio tanta bat isuri, eta gorritzen ipiniko ditugu mingainak, alde guztietatik txigortu arte. Erne ibili olioaren zipriztinekin! Ondo txigortu direla ikustean aterako ditugu kazolatik. Koipe soberakina kendu eta baratxuri-burua, porrua eta tipulina kazolaratuko ditugu ondoren. Ongi nahasi eta orduan isuriko dugu ur beroa, jakitik gora 3 hatz estali arte. Gatz pittin bat eman, kazola estali, eta utzi egingo dugu guztia egosten, ezti-ezti, pare bat orduz. Urez estaliak egon behar dute jakiek, eta ur gehiago isuriko dugu lurrintzen ari dela ikusten badugu. Ongi xamurtu direnean, sutatik atera eta iragazi egingo dugu sortutako zuku guztia, zopa bat egiteko, saltsa baterako… zernahi, baina ez arren bota!!! Matrailak epeltzen utzi eta, hautsi gabe, kontu handiz zurituko ditugu epeldu eta gero. Labaina batez lauzpabost puska ertain egin eta gatza emango diegu ondoren.
Garrantzitsua da patatak oraindik epel daudela xerratzea: gatza eta piperra eman eta gopor edo entsalada-ontzi batean ipiniko ditugu. Katilu batean, nahasi eta sardexkaz joko ditugu batera olioa eta limoi zukua. Perrexila eta mingain puskak gainetik zabaldu eta entsalada-gai guztien gainean garaztatuko dugu ondoren limoi-olioa. Kontu handiz, patatak hauts ez daitezen, nahasiko ditugu ondoren gaiak.
Patata entsaladak
Patata entsaladak askoz zaporetsuagoak dira, patata oraindik epel dagoela ontzen baditugu, hobekiago zurrupatzen baitituzte horrela gatzozpin-gaiak.
Etiketak: Txerria
