TXIRLAK ORBURUEKIN
3/4 Kg Txirla
8 orburu natural, egosiak eta lautan zatituak
3 baratxuri ale, xehatuak
Litro laurdena ur bero edo orburuak egosi diren ur
4 koilarakada oliba olio
Perrexil xehatua
Irina, ximiko bat
Zorrotada bat ardo zuri
Kazola zabal apal batean jarriko dugu baratxuri xehatua eztitzen. “Dantzan†hasi denean, gorritu gabe, erantsiko dugu irina. Koilara batez nahasiko dugu. Ardoa eta ur beroa isuriko ditugu ondoren. Minutu batean edukiko dugu guztia irakiten. Txirlak erantsi eta berotasun horretan edukiko ditugu, ireki arte (tapa batez estaliko dugu, ahal izanez gero, kazola). Ireki ahala aterako ditugu txirlak kazolatik; halatan, irekitzen zailak direnek jasango duten berotasun handiak ez ditu irekitzen errazak direnak hondatuko. Txirlaren bat egoskor azaltzen bazaigu, hobe da baztertzea. Orburu laurdenak sartuko ditugu ondoren saltsan eta berotasuna emango diegu irakinaldi batez. Kazolara bihurtuko ditugu ondoren irekitako txirla guztiak eta perrexila emango haien gainetik.
