ENDIBIA GAINERREAK
8 endibia erdi neurriko
Litro erdia inguru bexamel saltsa
Koilarakada bat zuk gazta birrindu koipetsu
Gatza
Endibia freskoak hautatu behar ditugu: alde bat utziko ditugu hosto muturrak zimel dituztenak eta trinko beteak ageri ez direnak. Zuztarra moztu eta hostoak banandu ahal izango ditugu, mamiaren bihotzeraino. Ur ugarian sartuko ditugu lehenik (ehea edo ozpina isuriko dugu ur horretan, tanta batzuk, barazkia ongi garbitzeko), eta ur garbian erabiliko ditugu ondoren. Kontu handiz xukatuko ditugu gero, zatar batez. Eltze batean ur ugari ipini, gatz pixar bat eman eta irakiten jarriko dugu: borborka hasi orduko barneratuko ditugu endibiak eltzean. Berriro ere borborka hasi denetik, 15 bat minutuan edukiko ditugu egosten, su eztian. Egosteaz gainera, zaporearen mikatz ere kenduko diegu neurri batean.
Labanaren puntaz ziztatuta frogatuko dugu xamur dauden ala ez. Xukatu eta, labe-erretilu sakon batean ordenatu ostean, bexamel egin berria zabalduko dugu haien gainetik. Gazta birrindua gainetik hautseztatu ostean, labeko grilan ipiniko dugu erretilua, jakiaren azala gainerre arte. Orduantxe zerbitzatuko ditugu endibiak.
Etiketak: Endibia
