BERBERETXOAK SALTSA BERDEAN
2 kg berberetxo
3 baratxuri ale, pikatuak
Litro laurdena ur
5 koilarakada oliba olio birjina
Perrexil pikatua
Irina, ximiko bat
Zorrotada bat ardo zuri
Kazola zabal apal batean jarriko dugu baratxuri xehatua eztitzen. “Dantzan” hasi denean, gorritu gabe, erantsiko dugu irina. Koilara batez nahasiko dugu. Ardoa eta ur beroa isuriko ditugu ondoren. Minutu batean edukiko dugu guztia irakiten. Berberetxoak erantsi eta berotasun horretan edukiko ditugu, ireki arte (tapa batez estaliko dugu, ahal izanez gero, kazola). Ireki ahala aterako ditugu berberetxoak kazolatik; halatan, irekitzen zailak direnek jasango duten berotasun handiak ez ditu irekitzen errazak direnak hondatuko. Berberetxoren bat egoskor azaltzen bazaigu, hobe da baztertzea. Guztiak ireki bezain laster, iragazi egingo dugu berberetxoen zukua, hondar arrasto guztiak ezabatzeko, eta murrizten utziko dugu gero, oso arin badago, edo ur nahiz ardo zuri poxi bat erantsiko diogu, lodiegi sumatzen badugu. Kazolara bihurtuko ditugu ondoren berberetxoak, eta perrexila emango diegu gainetik.
Etiketak: Berberetxoa

