ARRAUTZAK MIKROUHINETAN NOLA EGOSI
Sekula ez dira arrautzak osorik egosiko, lehertu egingo dira bestela. Beraz, arrautza bat egosi nahi badugu –pikatzeko, betegarri baten barruan sartzeko edo kroketa-bexamel baterako–, eta sutan ontzirik nahi ez badugu zikindu, ezta arrautzak zuritu ere, honako hau egingo dugu. Mikrouhinetan sartu ahal izango dugun ontzi edo gopor tapadun bat aukeratuko dugu; besterik ez bada, gosaritarako katilu batek ere balio izango du. Haren barruan hautsiko ditugu arrautzak, elkarrekin, eta kontu handiz zulatuko ditugu gorringoak, orratz edo labana punta zorrotz batez. Tapatu (platertxoa jarriko dugu gainean katiluaren kasuan) eta mikrouhinetan edukiko dugu ontzia, indar ertainean, pare bat minutuan. Gelditu egingo da orduan labea. Minutu batean geldirik eduki, eta beste pare bat minutuan berotuko dugu ontzia, indar ertainean.
Tamaina gora-behera, hori da arrautzek mamitzeko behar duten denbora. Nolanahi ere, lehen 2 minutuen ondoan hobe da begiratzea hurrengo bi minutuak agindu aurretik. Sekula ez ditugu, ordea, 4 minutu etenaldirik gabe programatuko. Lehertu edo idortu egingo dira bestela.
Kontu handiz atera eta hozten utziko ditugu. Orduan pikatu ahal izango ditugu eta nahi bezala erabili.
Etiketak: Arrautza
