ELTZEKARIA NOLA EGIN
Porru bat
2 azenario
Arbi bat
Tipula bat, iltze usaintsu bat ziztaturik duela
Baratxuri-buru bat
10 koilarakada oliba olio
2 hanka hezur eta 2 belaun hezur
200 g txerri saiheski
200 g txerri urdai
Kg bat behi zankar
Oilo laurden bat
Txorizo fresko bat
Eskukada bat perrexil
200 g txitxirio edo garbantzu, bezperatik beratzen jarriak
2 patata, zati handi xamarretan moztuak
Eskukada bat fideo
Gatza
Barazkiak eta haragia garbituko ditugu. Sare batean sartuko ditugu txitxirioak, barreia ez daitezen. Eltze zabal batean sartuko ditugu osagai guztiak (txorizoa eta patatak izan ezik); urez estali eta olioa gaineratuko dugu. Hiruzpalau orduz edukiko dugu eltzekoa su ertainean egosten, aparra aldiro-aldiro atereaz. Irakinean egongo da etengabe; bestela, gogortu egingo zaigu txitxirio. Bukatu baino ordu erdia lehenago sartuko ditugu txorizoa eta patata puskak.
Hiru “iraulitan†zerbitzatuko ditugu gaiak. Zopa joango da aurren (saldari koipea erretiratu eta hartan egingo ditugu fideoak); txitxirioak joango dira hurren, eta haiekin batean barazkiak, patatak, txorizoa, hezur muindunak, txerri saiheskia eta urdaia (zatitu egingo dugu hau guztia, lekalearekin aurkezteko), eta haragia aurkeztuko dugu hurren, piperrada edo tomate saltsarekin.
Zankarra izaten da haragi erabiliena, baina beste batzuk ere bidera daitezke haren ordez (gomendatzekoak dira bereziki isatsa eta matrailak). Haren zaporeari emango zaion garrantziaren arabera sartuko dugu haragia lehenago edo geroago: nahiago badugu eltzekariak haren zaporea izan dezan, barazkiekin batera sartuko dugu, ur hotzean (txitxirioak, ura irakitean); mamitsu egotea nahiago badugu, eltzekoa ia irakitan dagoela sartuko dugu. Irakin arinean egosiko dugu etengabe eltzekoa.
