ORBURUAK URDAIAZPIKOAREKIN

24 orburu egosi
3 koilarakada oliba olio
2 baratxuri ale
Orburuak egosi diren salda, koilarakada batzuk
Urdaiazpikoa, takotan edo, hobe, xerra finetan moztua
Irina, ximiko bat
Gatza

Kazola batean, su eztian jarriko ditugu oliba olioa eta baratxuri aleak. Baratxuria “dantzan” hasi dela ikusi orduko erantsiko dugu urdaiazpikoa. Urtzen utziko dugu urdaia, zaporea eman diezaion guztiari. Irina ere, aski da ximiko bat, erantsiko dugu hautseztaturik, pikorrik egin ez dadin, eta orburuak egosi diren salda beroaz edo, horrelakorik ez badugu, ur beroaz bustiko dugu guztia, saltsa lodi koipetsua itxuratu arte. Irakiten utziko dugu segundo batzuetan, eta ur edo salda gehiago erantsiko diogu lodiegia dela sumatzen badugu. Osorik edo bitan nahiz lautan eginak, nahiago bezala, barneratuko ditugu orburuak eta su eztian, irakinaldi txikiak eginez, utziko ditugu berotzen.
Bukaeran gatz puntua neurtu eta zerbitzatu egingo dugu ondoren. Xehaturiko perrexil pixka bat erantsi ahal izango dugu, bai eta ardo zuria ere, tanta batzuk edo.

Etiketak:

zabaldubildudel.icio.us

Iruzkin bat idatzi