PASTA HARAGI ETA LIMOI AZALAREKIN
Tipulin bat, txiki-txiki egina
3 baratxuri ale, txikituak
3 koilarakada oliba olio
Haragi pikatua, 450 g (txerrikia, behikia edo txahalkia, gizena ere baduena xamurragoa izan dadin)
Esnegain likidoa, litro laurdena
Limoi baten birrindura
Perrexil xehatua
600 g pasta, egosi berria, nahi dena (saltsa daramaten plater mota honetarako espagetiak edo tagliatelleak dira egokiak)
Zartagin batean olioa jarriko dugu eta bertan baratxuri aleak, gatz pixka bat eta tipulina gehituko ditugu. Su ezti-eztian jarriko dugu. Barazkia pixkana-pixkana frijitu dadila, 20 bat minutuan. Denbora hori iraganik, sua bizitu eta haragi xehatua gehitu. Dagoela haragia frijitzen, beste 20 minutuz, zurezko zaliarekin eragiteari utzi gabe, haragi pikatua suelto gelditu dadin, ez ore bat egina. Gazitu eta esnegaina eta limoi azal birrindua gehitu. Saltsa pixka bat loditu dadila, haragia melenga eta ongi krematsua gelditzeko. Perrexila erantsi gero, baita pasta egosi berria eta xukatua ere. Zerbitzatu eta jan.
Etiketak: Pasta
