PIKILLO PIPERRAK JULIANENEKO ERAN

piperrak.jpg

Pikillo piperrak, 2 pote ongi hautatuak
Oliba olioa
Baratxuri-buru bat
Gatza

Poteak ireki eta piperrek duten salda kendu. Zartagin handi batean jarri, hondoa ongi estaltzen dutela, baratxuri-buruaren ale libratuekin; aleak azal eta guzti, eta oliba olioz estalirik.
Su eztira hurbildu gainaldean burbuila zantzuak agertu arte, eta betiere sua ezti-ezti dagoela kontrolatuz. Horrela eduki ordu eta erdiz gutxi gorabehera, eta jiratu tarteka piperrak bi sardexkaz baliatuz, ziztatu gabe, bi aldeak konfita daitezen. Piperrek olioa uherrarazten dutela ikusiko dugu, eta konfitatu ahala gainaldeetan zuku karamelatuaren arrasto batzuk biltzen zaizkiela, eta olioa garbituz doala pixkanaka. Orduan atera behar dira.
Kontu handiz xukatu, ez puskatzeko, oso hauskor eta ahul egongo baitira. Olioa gorde, beste batean piperrak konfitatzeko edo patatak frijitzeko.

Piperrak ongi zabaldurik jarri gero labera sartzeko moduko portzelanazko erretilu batean, elkarren gainka jarri gabe, puzzle bat osatuko balute bezala; brotxa batez pintatu frijitzerakoan erabilitako olioaz eta 20 minutuz sartu labean, 120º graduan, berotzeko eta, oraindik ere, gehiago konfitatzeko.
Sutatik aparte, oliba olioaz berriro ere distira eman, gatz larri on batez gatz puntua eman eta mahaira, hutsik, erreki baten hornigai gisa edo oliotako mendrezka xafla batzuk edo arkume-hazikontxo salteatu batzuk gainetik dituztela.
Ez dago gogorarazi beharrik horrelako piperrak direla, entsalada berdearekin batera, parrillan erretako txuletaren hornigaitarako dagoen inbenturik hoberena.

Etiketak:

zabaldubildudel.icio.us

Iruzkin bat idatzi