PORRU ETA URDAIAZPIKO ENTSALADA
16 porru ertain
Ura eta gatza
Urdaiazpikoa (iberikoa bada, hobe), 16 xerra mehe-meheak
Oliba olio birjina, 8 koilarakada
2 koilarakada ozpin
Perrexil xehatua
Gatza eta piperbeltz eho berria
Porruei bizarrak kendu eta alde berdea ere bai, salda edo saltsaren bat egiteko erabili baitaiteke. Garrantzi handikoa da porruari bizarrak kentzean muturreko alde gogorraren puska bat uztea, bestela “porru†eginda geldituko baita egostean; izan ere, alde gogor horrek lotzen baititu porruaren geruzak. Lehenbiziko hostoa itsusia badago, kendu, hori bai, eta uretan garbitu.
Nahiko ur jarri gatzarekin egosten eta sartu bertan porruak. Estali gabe egosi, ez oso bizi, 20ren bat minutuz gutxienez, samurtu arte. Labana baten muturraz alderik alde aise pasatzeko moduan, alegia. Orduan ura kendu eta hozten utzi. Kontuz ibili, eta ez gehiegi egosi, ttentte samar ez badaude, graziaren erdia galduko baitute.
Erretilu edo katilu batean jarri hoztutakoan, eta beste katilu batean egindako ozpin-saltsa bat bota gainetik. Ozpin-saltsa egiteko, nahasi ozpina, gatza, piperbeltz ehoa, perrexila eta oliba olioa. Porruei buelta batzuk eman saltsan blaitzeko, eta gainetik jarri urdaiazpiko xerra meheak. Mahaira.
Etiketak: Porrua
