MOJO PICON

Baratxuri-buru bat, zuritua
Eskukada bat palmondo piper lehor
Eskukada bat kumino
Koilarakada oparo bat piperrauts gozo
Litro laurdena oliba olio birjina
10 koilarakada ardo-ozpin
2 moldeko ogi-xerren mamia
Eskukada bat arbendol, txigortu gabe
Itsas gatza, ximiko bat

Motrailu batean erantsi eta ongi xehatuko ditugu baratxuriak, kuminoak eta gatz larria. Palmondo piperra, piperrautsa eta arbendolak erantsiko ditugu ondoren, ozpinarekin batera. Beratzen utziko dugu guztia 24 orduz. Epe horren ostean, irabiagailu baten ontzian sartuko dugu nahastura, ogi-mamia eta oliba olioarekin batean. Indar betean eragingo diogu makinari. Saltsa atomikoa hau, entsaladak, patata egosiak edo barazki gordinak laguntzeko. Erne, Lesakako Laminazioetako 3. labearen antzera geldituko baitzaigu ahosabaia.

Etiketak:

zabaldubildudel.icio.us

Iruzkin bat idatzi