GARI-ZAINZURI ZOPA HOTZA

Osagaiak

  • Litro erdia salda edo ur
  • Gari-zainzuriak fin txikituta, pixka bat zurituak eta beheko alde gogorra kenduta. Kilo erdia.
  • 12 koilarakada esnegain likido
  • 2 arrautza gorringo
  • Azukre pixka bat
  • Gatz pixka bat
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Kazola batean ur asko jarriko dugu irakiten, gatz pixka batekin. Ez ahaztu azukre pixka bat ere gehitzea. Fin-fin txikitutako zainzuriak ere gehituko ditugu, eta borborka hasten denean, atera eta pixka bat xukatu. Berriz kazola berean jarriko ditugu, xukaturik eta bertara salda edo ura erantsiko dugu. Ura baldin bada jarri duguna, kalitate oneko salda-pastilla bat botako diogu aberasteko. Su motelean jarri eta, gatz pixka bat botata, 15 minutuz irakin dezala. Ordu laurdena pasatuta, irabiatu indartsu bat eman zopa bihurtzeko.

Bitartean, arrautza gorringoak 6 koilarakada esnegainekin nahasiko ditugu. Zopari erantsi arrautza eta esnegaina, eta egon dadila zopa sutan segundo batzuez, osagai guztiak ongi nahas daitezen. Sua motel-motel izango dugu, gorringoa mamitu eta zopa emultsio bihur dadin. Iragazkitik pasarazi, ongi hoztu eta gainerako esnegaina gehitu, 6 koilarakada handi. Berriz irabiatuko dugu, fin-fina gelditu dakigun. Zopa gazitu behar da gero, eta, beharrezkoa balitz, azukre pixka bat eman. Hotz-hotza zerbitzatu zopa hau, vichysoisse bat balitz bezala.

Ogi puska txigortuekin batera ateratzen ahal dugu, edo urdaiazpiko dadoekin edo Burgosko gaztarekin. Gari-zainzuri batzuen mutur salteatuekin, goxo eta polita gelditzen da zopa hau. Lagungarri moduan, kontserbako zainzuri-mutur batzuk ere erabil ditzakegu, eta orduan latako zukua zopari gehitu, gustu ona emateko.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?