GARI-ZAINZURIAK ARRAUTZA IRAKINAREKIN

Osagaiak

  • 36 gari-zainzuri, modu naturalean egosiak, edo kontserbakoak
  • 8 arrautza oso fresko
  • 2 dezilitro sagardo-ozpin
  • 2 litro ur
  • Oliba olio birjina, 4 koilarakada handi
  • Gatza
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Eltze bat hartu, ahal dela altua eta estua izan dadila. Ura irakiten jarri, gatzik eman gabe. Borborka hasten den momentuan, sagardo-ozpina bota, zorrotada eder bat. Orduantxe baretuko da borborra. Sua motelxeago jarriko dugu, inoiz ez dezan indar handiz irakin. Arrautza azala hautsi eta katilu txikitan utzi, arrautza bat katilu bakoitzean. Katilu edo basotik zuzenean isuri, irristan, uretara. Arrautzak binaka egingo ditugu, gutxi gorabehera minutu bakar batez edukiz ur irakinetan. Kontu handiz emango diegu buelta ur barrenean, eta minutua pasatuta bitsaderarekin aterako ditugu uretatik terreina txiki batera pasatzeko. Terreina horretan, aldez aurretik, ur garbi hotza jarriko dugu, gatz pixka batekin (zopa-koilarakada bat litroko). Horrela, egostea moztuko dugu, gorringoak mamitu ez daitezen, eta egosteko urak zuringoari eman dion ozpin gustua kentzeko.

Hori dena aurretik egin genezake, eta, horrela, zerbitzatzeko moduan, segundo batzuez ur irakinetan edo mikrouhinen labean tenperatura baxuan berotu bat eman, beste lanik ez genuke izango.

Zainzuriak pixka bat xukatu, egosi berriak baldin badira, edo kontserba-latatik atera plateretara edo erretilu batera. Latakoak direnean, mikrouhinen labean epelduko ditugu, ez bere tenperatura altuenean.

Tenperatura egokia behar dute zainzuriek, ez daitezela beroegi egon, ez hondatzeko. Zainzurien gainean, ur irakinetan egindako arrautza beroak jarri. Gatz ale batzuk botako dizkiegu gainetik eta oliba olio gordina isuri, 3 koilarakada.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?