Osagaiak
Errezeta
Saltsa egingo dugu lehenbizi. Kazola zabal batean olioa jarri eta su motelean frijituko dugu tipulina, gatz pixka batekin. Egin dadila poliki-poliki, gorritu ere egin gabe, eta xamur dagoen momentuan, irin pixka bat gehituko diogu eta frijitu dadila, erre gabe betiere. Orduan pixkanaka-pixkanaka zainzuriak egostetik gelditu den salda erantsiko diogu, saltsa mehe eta leuna gelditzen den arte. Gatz pixka bat eman. Saltsa honi koilarakada batzuk tomate saltsa gehitzen ahal dizkiogu (edo gisatu baten saltsa edo biribilkiaren saltsa pixka bat, edo, baita eguerdian erretako oilasko baten zukua ere, konparazio baterako). Urdaiazpiko dado batzuk ere egokiak dira.
Zainzuriak pixka bat irineztatu eta berehala arrautzeztatu (arrautza joari, aldez aurretik, baratxuria eta perrexil xehatua gehitu dizkiogu). Horrela, bada, zainzuriak arrautza-irinetan frijituko ditugu su ez oso bizian. Xuka-paperean utzi gero, soberako olioa xurga dezan. Denak frijitu eta gero, arrautza-irineztatuaren bixarrak kenduko ditugu, saltsa zikindu ez dezaten. Gero irakiten jarri, oso poliki, 5 bat minutuz. Ur pixka bat edo zainzuriak egosi ditugun salda pixka bat gehitu, saltsa gehiegi loditzen bada. Gatzik behar ote duen begiratu, eta zerbitzatu.