ZAINZURI ZOPA

Osagaiak

  • Litro erdia salda edo ura
  • Kg erdia zainzuri, zurituak eta alde gogorrak kenduak, finki moztuak
  • 12 koilarakada esnegain urtu
  • 2 arrautza gorringo
  • azukrea, zimiko bat
  • gatza, zimiko bat

Errezeta


Ur ugari jarriko dugu irakiten, gatz pixka bat eman ondoren. Azukrea ere erantsiko diogu, zimiko bat. Fin moztutako zainzuriak sartuko ditugu ura irakiten hasi orduko eta ura berriro bor-bor hastean aterako ditugu. Ongi xukatu eta kazola berean jarriko ditugu zainzuriak; haien gainean isuriko dugu salda edo ura. Ura erabiltzen badugu kalitate oneko salda pastilla bat erantsiko diogu. 15 bat minutuan edukiko ditugu zainzuriak ur eztian irakiten, kazola estalia eta gatz pixka bat eman ondoan. Denbora-tarte horren ondoren, guztiz xehatuko dugu guztia, irabiagailu indartsu batez.

Bitarte horretan joko ditugu arrautza gorringoak 6 koilarakada esnegainekin batean. Irabiagailuaren ontzian isuri ondoan, ongi xehatu eta nahasiko dugu dena segundo batzuetan, egoki loditu arte. Su ezti-eztian jarriko dugu ondoren nahaskia, irakiten utzi gabe. Aski da tenperatura pixka bat hartuta, gorringoa loditu eta zopak emultsio-puntu egokia har dezan. Iragazi, hoztu eta gainerako esnegaina, 6 koilarakada, erantsiko diogu ondoren, zopa ahalik eta finen gera dakigun. Gatza eman eta, beharrezkoa bada, azukre pixka bat ere erantsiko diogu. Hotz-hotza zerbitzatuko dugu, vichysoisse bat balitz bezala.

Ogi txigortuekin aurkeztuko dugu, edo urdaiazpikoarekin “dadotan moztua“ edo Burgosko gaztarekin, hala nahiago badugu. Zainzuri mutur salteatu batzuekin zerbitzatzen badugu, oso goxoa gertatzen da zopa. Hornidura gisa, kontserbako zainzurien mamiak, bitan moztuak, erabili ahal izango ditugu; kontserbaren zukua ere zopan nahasi ahal izango dugu, zapore ona utz diezaion.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?