Osagaiak
Errezeta
Kazola batean (altua eta estua izan dadila aukeran), ura jarriko dugu irakiten, gatzik gabe. Irakiten hasi orduko erantsiko diogu sagardo-ozpina, eta borborrak hautsiko dira horrenbestez. Suaren bizitasuna kontrolatuko dugu uneoro urak irakin ez dezan bortizki. Kikara edo edontzi txikitan hautsiko ditugu banan-banan arrautzak eta binaka irakinaraziko ditugu, kikaratik ur berora eztiro labainduz. Minutu batez edo edukiko ditugu irakiten. Bitarte horretan, irabioan erabiliko ditugu arrautzak, kontu handiz eta bitsadera baten laguntzaz. Minutuko tartea bete duguneko, ur berotik atera eta ur hotzean sartuko ditugu arrautzak, gatz apur batez ere (koilarakada handi bat litroko) hornitua den ontzi txiki batean. Eten egingo dugu horrenbestez egostea, gorringoak mami ez daitezen, eta irakinaldiko urak erantsiko zion ozpin gustu azkarregia leunduko diogu zuringoari.
Aldez aurretik egin ahal izango dugu hau guztia eta, zerbitzatzeko unean, berriro berotu ahal izango ditugu arrautzak irakinaldi batez edo mikrouhinetan indar apalenean beroaldi bat emanez.
Xukatu egingo ditugu ondoren zainzuriak, egosi baditugu, edo kontserba-potetik aterako ditugu, eta banako plateretan edo azpil batean egokituko ditugu. Potekoak badira, mikrouhinetan epelduko ditugu, indar erdian, berotasun apur bat eduki dezaten. Ez ditugu gehiegi berotuko, honda ez daitezen. Haien gainean ipiniko ditugu irakindako arrautza beroak. Gainetik gatz pixka bat eman eta gero, oliba olio birjina gordinez (4 koilarakada handi) garaztatuko dugu guztia.