AZA SHANGAI ERAN

Osagaiak

  • 500 g aza hosto, zerrenda mehetan zatitua
  • 2 eskukada Malagako mahaspasa, uretan beratuak lehor baleude
  • 4 koilarakada oliba olio
  • Piperrautsa, koilarakadatxo bat
  • Gatza

Errezeta


Gaiak hondoan itsatsiko ez diren padera edo kazola zabal batean isuriko dugu olioa eta berotu denean erantsiko dugu aza, zerrenda mehe finetan moztua, ur ugarian garbitu eta lehortu ondoan. Garrantzitsua da, moztu aurretik, hostoei erdialdeko ziri gogor lodia kentzea. Zali batez irauliko ditugu gaiak, aza egin eta paderan halako jauziak egin ditzan: ongi egina baina kraskatsu xamar geratu behar du azak. Halatan, salteatu egingo dugu lehenik 3 minutuan edo, eta kazola estalita edukiko dugu ondoren beste 5 minutuan.

Tapa altxatu eta Malagako mahaspasak, gatz apur bat eta piperrautsa erantsiko ditugu. Irabialdi batzuk eta prest edukiko dugu kazola mahairako.

Aza kazolaratu aurretik, tipula pixka potxa dezakegu hondoan, tipularen zapore gozoak ere bere kutsua utz diezaion azari.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?