Osagaiak
Errezeta
Arroz mota hauek salda edo ur beroa pixkana-pixkana erantsiz eta zaliari eragiteari utzi gabe prestatzen dira eskuarki. Halatan, errazago askatzen da arroz aleen almidoia eta bizkorrago loditzen da guztia.
Arroza maneatuko dugun kazolan, su bizian eta 3 koilarakada oliotan salteatuko ditugu, gatz pixka bat eman ondoren, onddo edo txanpinoi garbi batzuk, edo arrozarekin prestatu nahiko dugun edozein haragi edo barazki mota. Lehenengo beroaldia eta gero, erretzen edo lehortzen utzi gabe betiere, hautatu dugun gaia plater batera atera eta kazolaren hondoan utziko dugu utzi digun koipea. Sua eztitu ondoan, baratxuria eta tipulina kazolaratuko ditugu eta hantxe edukiko ditugu, 5 minutuan, su ertainean eztitzen.
Denbora-tarte horren ondoren erantsiko dugu arroza, zurezko zaliaz iraulaldi batzuk emanez, eta haren ondoren sarraraziko dugu hautatutako gaia. Gatz pixka bat eman eta pixkana-pixkana isuriko dugu salda edo ura, zurezko zaliari eragiteari utzi gabe, isurkaria ahitu orduko gehiago isurtzeko prest gaudela (ura bota badugu, haragi-salda pastilla bat erantsiko diogu, arroza behar bezala gozatzeko). Su ezti-eztian egosiko dugu guztia, 16/18 minutu inguruan.
Denbora-tarte horren ondoan, kazola sutatik atera eta gazta, esnegaina eta gainerako oliba olio birjina erantsiko ditugu gaiak behar bezala batzeko. Iraulian erabiliko ditugu arroz aleak, oso eta krematsu gera daitezen. Zerbitzatu egingo dugu, perrexil xehatua hautseztatu eta gero.