POTEKO ATUN TRADIZIONALA, EGOSI GABE

Osagaiak

  • Lehen mailakoa izango da atuna, eta oso freskoa
  • Kristalezko flaskoak garbi eta lehor egongo dira, uztai-itxituraz eta goma berriz hornituak.
  • Oliba olioa erabiliko dugu (0,4º), batzuek eki-lore olioa ere erabiltzen badute ere

Errezeta


Burua moztu eta odol gatzatua kendu ondoren, ur zurrustaren azpian kenduko dizkiogu atunari erraiak. Mendrezka bereizi eta atunaren 4 solomoak banatuko ditugu, azala eta hezurrak kenduta. 8 bat cm-ko puskatan (dauzkagun kristalezko poteen altuerakoak gutxi gora behera) zatituko ditugu ondoren 4 solomoak. Arrain-saltzaileak egin diezaguke hau guztia: gure sukaldea horretarako leku aproposena ez izateaz gainera, nekez edukiko ditugu etxean horretarako tresna egokienak. Labaina zorrotz batekin erretiratuko ditugu odol-beltzuneak solomoetatik. Azala eta hezurrak kenduko dizkiogu mendrezkari.

Olioa jarriko dugu ontzi bakoitzaren hondoan esterilizatu eta goma berriz hornitu eta gero, 2 cm-ko altuera iritsi arte. Sailka beteko ditugu flaskoak, solomoak batzuetan eta mendrezka beste batzuetan, bereiz. Ontziaren lepotik 4 bat cm-ko tartea utziko dugu bete gabe. Ez da komeni ontziak leporaino betetzea.

Olioa erantsiko dugu ondoren, arraina osoro estali arte. 12 orduz edukiko ditugu flaskoak pausatzen hozkailuan, "errne, gordinik dago-eta arraina!“, arraina ongi busti dadin. Epe horren ondoren, olio gehiago gaineratuko dugu hala behar duten flaskoetan, olioa arrainetik hatz bete gora geratu arte.

Ontziak itxi eta kazola handi zabal batean ordenatuko ditugu: zatar bat bilduko dugu haren hondoan, ontziak eta hondoak elkar uki ez dezaten. Urez estaliko ditugu ondoren flaskoak, lau bat hatz gainetik, eta su ertainean edukiko ditugu beratzen: 90 bat minutu ura irakiten hasi denetik. Ura epeldu ondoren erretiratuko ditugu flaskoak. Biharamunean, ordu erdian edukiko ditugu flaskoak berriro ere irakiten, kontserba egoki irmo dadin. Ez dugu gatza ahantzi. Kontserba kontsumitzeko unean erants diezaiola norberak. Kontu astuna da arraina aurrez egosi beharra eta, alde batera utzi eta gero, mamitsuago dago atuna.

Leku ilun freskoan gordeko ditugu ontziak. Hiru hilabeteren buruan kontsumitu ahal izango dira. Egonezinen eskumenetik kanpo edukiko ditugu: zenbat eta pazientzia handiagoa orduan eta kontserba hobeagoa. Merezi du egotea.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?