Osagaiak
Errezeta
Eltze batean, ur ugari jarriko dugu irakiten, gatz pixka batekin. Azalorea garbituko dugu ondoren, hosto berdeak kendurik. Zuztarra moztu eta mulkoak bananduko ditugu ondoren. Garrantzitsua da mulkoak sorrarazten dituen zuztarra edo zurtoina ez botatzea, azalorearen gainerako aldeekin egosi ahal izango baitugu zuritu eta hirutan edo lautan zatitu ostean. Alde goxoena da hori.
Ur hotzean ongi garbitu, xukatu eta, ura irakiten hasi orduko, sartuko dugu azalorea eltzean. 10/15 minutuan edukiko dugu sutan, tapatu gabe. Kolore horia hartuko du, tapatzen badugu. Labanaren punta zati lodienean ziztatuz jakingo dugu xamur dagoen ala ez. Xukatu, erretilu batean jarri eta oliba olioz edo gurinez igurtzi eta bustiko dugu azalorea. Bere horretan uzten badugu, maionesa edo allioli saltsarekin ere jan ahal izango dugu.