BERRO SALTEATUAK KREMAREKIN

Osagaiak

  • Koilarakada bat oliba olio
  • Gurin on pixka bat
  • 4 eskukada berro, ongi garbituak
  • Tipulin txiki bat, pikatua
  • Baratxuri ale bat, xehatua
  • Baso bete esnegain urtu
  • Xorta bat limoi zuku
  • Gatza eta piperbeltz eho berria

Errezeta


Olioa eta gurina ipiniko ditugu padera edo kazola batean. Berotzen hasi direla sumatu orduko erantsiko ditugu tipulina, baratxuria eta gatza, ximiko bat. Potxatzen utziko dugu guztia su ezti-eztian 15 bat minutuan, barazkiak xamur egon arte. Une horretan biziagotuko dugu sua eta esnegaina isuriko, une batzuetan irakiten ere utzirik. Orduan irauliko ditugu berroak eta beren horretan maneatzen utzi, zaliari eragiteari utzi gabe. Minutu gutxi barru murriztuko da esnegaina eta ttipituko dira berroak, ziazerben tankera hartuz. Gatza eta piperbeltza bota eta, sutatik kanpo, tanta batzuk limoi zuku erantsiko ditugu. Haragi edo oilasko errearen saltsa edo zukua badaukagu, ongi baino hobekiago etorriko zaio haren koilarakada bat bukaera horretan.

Hornidura bikaina da hau salteatuko dugun edozein haragi edo arrainentzat, eta modu horretan baliatu ahal izango dugu, gainera, entsaladarako itxura egokirik ez duten berroak.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?