Osagaiak
Errezeta
Berroak edo iturri-belarrak ardura handiz garbitu behar dira, ibaia eta erreka ertzetan biltzen baitira haietako asko. Egun haien laborantza oso zabaldua dagoen arren, hobe dugu mesfidati jokatu eta ongi garbitu. Xorta batean bildu ondoren, hondatuen ageri zaizkigunak erretiratuko ditugu lehenik. Ur hotz ugaritan garbitu eta xukatu egingo ditugu ondoren gainerakoak. Ur garbiz beteriko beste aska edo ontzi batean, ozpin edo ehe tanta batzuk bota eta ur hartan edukiko ditugu berroak berriro, zikinkeria guztiak hondora joan daitezen. Xukatu eta beste uraldi bat emango diegu. Urazak lehortu eta zentrifugatzeko gailu bat badaukagu, hainbat irabialdi emango dizkiegu berroei haren barruan, guztiz idortzeko.
Xehe-xehe, adaxkatxoak eta hosto handiak bereiziko ditugu ondoren. Gopor batean jarriko ditugu, berehala maneatu nahi izanez gero. Hala ez bada, entsaladetarako ontzi berezi batean –parrillatxo bat du hondoan– gordeko ditugu edo, bestela, ohiko gopor batean, pixka batean hezatu dugun zatar batez estalirik.