BABARRUN GORRIAK ENTSALADAN

Osagaiak

  • Kg erdia babarrun gorri
  • 2 litro ur
  • Tipula erdia
  • 10 koilarakada handi oliba olio birjina
  • Gatza
  • Xorta bat pipermin, ozpinetan onduak
  • 200 g txerri buru edo urdeki hotz takotan
  • Tipulin bat, pikatua
  • Perrexila, xehatua
  • Baratxuri ale bat, xehatua

Errezeta


Eltze batean ipiniko ditugu babarrunak, ur hotzarekin. Bi koilarakada olio eta tipula zuritua erantsiko ditugu ondoren. Irakinaldia izotz koxkor batez eten eta su ezti-eztian jarriko dugu eltzea, babarrunak su eztian egosten utzirik. Beste bizpahiru alditan etengo dugu irakinaldian izotz koxkor batez, babarruna osorik, xamur eta larrutu gabe gera dadin. Egosaldia bukatu bezain laster “lau ordu inguru“, gatza erantsi eta pausatzen utziko dugu eltzekaria ordu erdi batean, bere zukua ongi zurrupa dezan. Saldatsu behar du babarrunek. Hoztu eta gero xukatuko ditugu. Zoparako gordeko dugu egoste salda.

Babarrun hotzak gopor zabal batean sartu eta, gainerako oliba oliotan ongi busti eta igurtzi eta gero, gatza, piperminak, txerri burua edo urdeki hotza, tipulina, perrexila eta baratxuria erantsiko ditugu. Irauli aldi batzuk emango dizkiogu guztiari, kontu handiz, ordea, babarrunak hauts ez daitezen, eta hozkailuan edukiko ditugu ondoren. Oso hotz zerbitzatuko dugu entsalada hau.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?