POTXAK GALEPER ERREEKIN

Osagaiak

  • 800 g potxa zuri, aletuak
  • Tomate heldu bat
  • Piper berde bat
  • Tipulin bat erdibitua
  • Oliba olio birjina, 2 zopa-koilarakada
  • Ura
  • 8 galeper erdibitu
  • 4 baratxuri ale osorik, azal eta guzti
  • Oliba olioa, gurin pittin bat eta gatza

Errezeta


Potxak ongi garbitu eta eltzean jarri, eta gainetik bota ur hotza eta muturrak egosteko erabilitako salda (baina hotza, oso inportantea), bi hazbete potxen gainetik. Olio gordina gehitu, gatz pixka bat, tipulin erdibitua, piper berdea ongi garbituta eta haziak kenduta, eta tomatea ere osorik. Eltzea estali eta su ezti-eztian jarri. Lehenbiziko irakin-zantzuak hasi arte 25 minutu pasa behar dute gutxienez, eta irakiten hasten denean ezari-ezarian egon behar dute beste 25-35en bat minutuz. Bitsa eta zikinkeria ur gainera aterako dira, eta kontu handiz kendu behar dira bitsadera batekin. Oso inportantea da su txikian irakitea, aleak ezari-ezarian egin daitezen, lehertu eta azala urratu gabe.

Denbora hori pasatutakoan, barazkia atera, tipulina, piperra eta tomatea, eta sartu irabiagailuaren ontzian, egostean egindako salda pixka batekin batera, eta jarri potentziarik handienean. Irazki batetik pasatuz, gehitu hori dena potxa egosiei. Beste 15en bat minutuz eduki egosten su eztian, salda loditzen.

Potxak egiten ari diren bitartean, zartagin bat jarri su bizian, olio pixka bat, gurin puska txiki batekin eta baratxuriekin. Koipea zirtaka hasten denean, jarri bertan galeperrak azalaren aldetik eta ongi txigortu, eta tarteka beren koipea koilara batez gainera bota. Jiratu eta eduki han frijitzen eginda daudela ikusi arte. Dena dela, barrenetik lehortu gabe egon behar dute. 8 minutu guztira, su bizian. Plater batean utzi, pausatzen, estalirik.

Potxak zopa-ontzi handi batera isuri eta galeper erreak bero-bero lagun dituztela zerbitzatu. Galeperrak potxetan sartu eta batera zerbitzatzea ere badago, pausaldian atera zaien zukua gehituta. Gustu kontua da.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?