BAKAILAO PATEA

Osagaiak

  • 750 g bakailao haragi fresko, hezur eta azalik gabe.
  • Bakailao ketua, 3 xerra
  • Bi baso bete esnegain urtu
  • 150 g gurin
  • 2 tipulin, xehetuak
  • Zorrotada bat Xerez ardo
  • Piperbeltz eho berria eta gatza

Errezeta


Uretan egosi dugu bakailaoa. Horretarako, eltze batean ura gatz pixka batekin jarri eta irakiten hasi orduko sartuko dugu bakailaoa bizpahiru zatitan, lehor ez dadin. Berriro irakiten hasi orduko kenduko dugu eltzea sutatik, barruan utziko dugu arraina epeltzen. Xukatu eta izpitu egingo dugu ondoren.

Kazola batean gurina su eztian jarri eta bertan gozatuko ditugu tipulinak, 15 bat minutuan. Bakailao mami izpitua eta esnegaina erantsiko ditugu orduan. Irakiten utziko dugu guztia krematsu bihurtu eta bolumena murriztu arte, 10 bat minutu guztira. Gatza eman eta zorrotada on bat xerez gehituko dugu ondoren. Ez du saldatsu gelditu behar eta su eztian egin behar da.

Nahastura irabiagailu baten ontzian sartu eta indarrik handienean eragingo diogu ondoren makinari. Bakailao ketua erantsi eta ahi mehe guztiz xehatua bat lortuko dugu ondoren. Gatz-puntua neurtu, zuzendu, eta piperbeltza erantsiko dugu ondoren.

Portzelanazko terrina batera edo gopor tapadunetara isuriko dugu ahia, hozkailuan itxita gorde ahal izateko. Gutxienik pare bat orduan edukiko dugu hozkailuan freskatzen. Irmotutakoan ogi txigortuetan igurtzirik edo, haurren kasuan, ogitartekoetan kontsumituko dugu patea.

Patea txikientzat bada, uretan egosi beharrean esnetan egos daiteke, elikagaia mamitsuagoa izan dadin. Bestalde, ez dugu Xerezko ardorik erantsiko, baliteke bestela haurrei gehitxo gustatzea eta okerreko bidetik abiatzea.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?