BARATXURI ZOPA BIZKORRA BAKAILAOAREKIN, MIKROUHINETAN

Osagaiak

  • 8 baratxuri xister, xerratan
  • Pipermin lehorra, pixar bat
  • Zorrotada bat oliba olio
  • Ogi txigortua edo zopako ogia, puska eder bat (60 bat g)
  • 4 koilarakada bete tomate saltsa
  • Koilaratxokada bat piper txorizeroaren mami (kontserbakoa izan daiteke)
  • Ximiko bat piperrauts gozo
  • Mutur bat haragi-salda kontzentratu, birrindua
  • Litro erdia ur bero
  • 2 bakailao solomo geza eta izoztu
  • Gatza

Errezeta


Mikrouhinetarako ontzi egoki batean ipiniko ditugu baratxuriak, olioa, pipermina eta gatza. Indar betean maneatuko ditugu gaiak tapatu gabe, 2 bat minutuan. Haien ostean erantsiko ditugu ogia, xerratan moztua, tomate saltsa, piper txorizeroaren mamia, piperrautsa, salda kontzentratua, ur beroa eta gatza. Nahastura honetan sartuko ditugu, halaber, bakailao solomo biak. Tapaturik maneatuko ditugu zopa-gaiak, 15 bat minutuan eta indar betean.

Bakailao solomoak aterako ditugu ondoren (hozkagai gisa erabiliko ditugu geroago). Papurtu eta alde bat utziko dugu azala, oso gelatinatsua delako. Tapaturik utziko ditugu zopa-gaiak minutu batzuetan, ogia behar moduan hanpa dadin eta baratxuri zopari ohiko itxura klasikoa eman diezaion, lodi xamar. Orduan gaineratuko dugu bakailao papurtua. Biraka nahasiko dugu guztia.

Labeak ez badu plater birakaririk, garrantzitsua da pare bat minutuan behin laurdena iraultzea.

Sutatik atera bezain laster erantsi ahal izango diogu zopari arrautza bat, joa. Biraka eragin eta hornituago geldituko zaigu modu horretan zopa.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?