Osagaiak
Errezeta
Zartagin zabal batean olioa jarriko dugu eta bertan baratxuri aleak, gatz pixka bat eta tipulina gehituko ditugu. Su ezti-eztian jarriko dugu. Barazkia pixkana-pixkana frijitu dadila, 20 bat minutuan. Denbora hori iraganik, sua bizitu eta haragi xehatua gehitu. Dagoela haragia frijitzen, beste 20 minutuz, zurezko zaliarekin eragiteari utzi gabe, haragi pikatua suelto gelditu dadin, ez ore bat egina. Gazitu eta tomate saltsa gehitu. Saltsa pixka bat loditu dadila, haragia melenga eta ongi krematsua gelditzeko. Perrexila erantsi eta geroko gorde dena.
Labean sartzeko moduko erretilu sakon batean, bexamel geruza bat jarriko dugu eta gainean lasagnarako pasta xaflak zabalduko ditugu. Haragi frijituaren parte batekin estaliko dugu dena, gero berriz bexamel geruza bat eta gazta arraspatuarekin kapa lodi bat par-par botea. Horrelaxe egingo dugu, kapaka, osagaiak bukatzen zaizkigun arte. Axola handikoa da lasagnarako pasta beti bexamela ukituz egotea. Bukaera honela: lasagna, bexamela eta gazta arraspatua par-par botea.
Erretilua labean sartuko dugu, aluminiozko paperarekin estalita, eta dagoela berotan 200 graduan, 30 minutuz gutxienez. Azkeneko 10 minutuetan, papera kendu, gazta gainerreta gelditu dadin, geruza gorri goxo-goxoa eginda.
Garrantzitsua da labean pasatutako denbora hori guztia, barreneko lasagna xaflak egos daitezen, xamur gelditu daitezen. Mota horretako pasta erabiliz gero, ez dugu izango aurretik egosi beharrik, lan nekeza baita benetan.