TXAHAL ARANDOIAK SALTEATUTA

Osagaiak

  • Kilo bat txahal arandoi, garbi-garbiak, azalik gabe
  • Oliba olioa
  • Gurin pittin bat
  • 3 baratxuri ale, pikatuak
  • Perrexil xehatua
  • Gatza

Errezeta


Gatza eman eta ura oparo jarriko dugu irakiten. Borborka hasten denean, arandoiak sartu eta ozpin xorta bat erantsiko dugu. Sutan utziko ditugu borborka, etenik gabe, 30 minutuan gutxienez. Horren ostean, xukatu eta hozten utziko ditugu arandoiak. Labana zorrotz batekin kendu egingo ditugu kanpoaldean dituzten axal edo gizen poltsatxo guztiak, garbi-garbi gelditu arte. Zatitu egingo ditugu ondoren, intxaur baten neurriko pusketan.

Olio pixar bat padera batean isuri eta sutan ipiniko dugu, su ertainean. Olioa berotu dela ikustean, arandoiak erantsi eta egiten utziko ditugu, zurezko zaliari eragiteari utzi gabe, astiro-astiro gorritzen joan daitezen. Bizitu egingo dugu sua. Koipe pixka bat gehiago behar dutela ikusten badugu, isuri egingo dugu olioa poliki-poliki, ttanttaka. Arandoiak hondoari itsasten bazaizkio, sua motelegi dagoelako da. Horrenbestez, bizitu egingo dugu sua, arandoiak gorritzen eta txigortzen ari direla ikusi arte. Sutan edukiko ditugu 20 minutuan gutxienez, ongi txigortuta gelditu arte. Justu azkenean, erantsiko ditugu gurin pixarra, perrexila eta baratxuri ale pikatuak, eta egiten utziko ditugu, beste minutu batzuetan, zerbitzatu aurretik, baratxuriak gordin zaporea gal dezan.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?