DILISTA GARBIAK ELTZEAN

Osagaiak

  • 5 koilarakada handi oliba olio birjina estra
  • Tipulin bat, pikatua
  • Porru baten zuria, pikatua
  • Azenario bat, pikatua
  • 2 koilarakada tomate saltsa
  • Ximiko bat piperrauts gozo
  • 600 g dilista
  • Ura
  • Gatza
  • Baratxuri ale bat, xerratan moztua

Errezeta


Barazkiak eta prestatzeko erabiltzen dugun kazola zabal bat hartu, 3 koilarakada oliba olio isuri eta su eztian jarriko dugu. Tipulina, porruaren zuria eta azenarioa erantsi eta 5 minutuan edukiko dugu guztia, su eztiaren beroan nahasirik, kolorea hartzen utzi gabe. Gatz pikor batzuk eman eta gero, tomate saltsa eta piperrautsa erantsiko ditugu.

Dilistak sartuko ditugu orduan. Su horretan edukiko dugu guztia beste 2 minutuan eta ur hotzez estaliko dugu guztia, bi hatzeko neurria gainetik. Gatz pixka bat berriro eman eta su eztian utziko dugu egosten guztia 50 minutuan.

Epe hori igaroxe dugularik, baratxuri-olio errea prestatuko dugu. Horretarako, padera bat su biziaren gainean jarri eta erabili gabe gelditu zaigun olioa (2 koilarakada) isuriko dugu hartan. Olioa oso bero dagoela sumatu orduko botako ditugu baratxuri-xerrak. Berehala gorrituko zaizkigu eta, erretzen utzi aurretik, dilisten gainean “su gainean egongo dira oraindik dilistak“ irauliko dugu baratxuri-olioa.

Egosten utziko dugu guztia minutu batzuetan. Xamur eta gatzez ongi daudela frogatu eta sutatik aterako ditugu dilistak. Jateko moduan egongo dira orduan.

Urdakia erantsi nahi izanez gero, beste eltze batean jarriko ditugu txorizo hezea, odolkiak, txerri saiheskiak edo geure gustuko beste txerrikiren bat eta, puskak egin eta gero, dilistei erantsiko dizkiegu sutatik atera baino 5 minutu lehenago.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?