Osagaiak
Errezeta
Endibia freskoak hautatu behar ditugu: alde batera utziko ditugu hosto muturrak zimel dituztenak eta trinko beteak ageri ez direnak. Zuztarra moztu eta hostoak banandu ahal izango ditugu, mamiaren bihotzeraino. Ur ugarian sartuko ditugu lehenik (ehea edo ozpina isuriko dugu ur horretan, tanta batzuk, barazkia ongi garbitzeko), eta ur garbian erabiliko ditugu ondoren. Kontu handiz xukatuko ditugu gero, zatar batez.
Eltze batean ur ugari ipini, gatz pixar bat eman eta irakiten jarriko dugu: borborka hasi orduko barneratuko ditugu endibiak eltzean. Berriro ere borborka hasi denetik, 15 bat minutuan edukiko ditugu egosten, su eztian. Egosteaz gainera, zaporearen mikatza ere kenduko diegu neurri batean.
Kazola zabal batean, azukrea ipiniko dugu eztitzen eta karamelu bihurtu denean, haren gainean erantsiko ditugu olioa eta gurina. Berehala gaineratuko dugu zingiberra (esp. jengibre, fr. gingembre), zerrendetan moztua, eta endibiak, egosi berri ditugunak. Irauli bizkorrean erabiliko ditugu gaiak zurezko zali batez. Sua bizitu eta arin salteatzen utziko ditugu endibiak, erabilitako ongailuen kutsua har dezaten. Gatza eta piperbeltza eman ondoan erantsiko dugu limoi berdearen azal pikatua, eta sutan edukiko ondoren guztia, minutu batzuetan.
Oso hornigai mamitsua da endibia hau ahate erreari laguntzeko, esate baterako. Ia guztiz gozatu denean beste padera batean oliotan salteaturiko haragi xehatua eransten badiogu, betegarri egokia bezain bitxia lortuko dugu enpanada edo enpanadatxoetarako.