Osagaiak
Errezeta
Ur hotz ugarian, ozpin edo ehe tanta batzuekin, garbituko ditugu uraza eta eskarola hostoak. Xukatu eta ongi lehortuko ditugu ondoren. Eskuekin zatituko ditugu hosto handienak, hostoen zirietatik abiatuta. Garbitu ondoan, limoiaren moduko ataletan moztuko dugu tomatea. Ozpin-olioa prestatuko dugu gero, oliba olio birjina, ozpina eta gatza erabilita.
Ozpin-olioaren herena isuriko dugu entsalada-ontzi baten hondoan eta haren gainean ipiniko ditugu tomate atalak, eta haien gainean zainzuriak, arrautza egosi laurdenkatuak, antxoak eta mendrezka, xafla mehetan izpitua edo papurtua. Gai hauen guztien gainean zabalduko ditugu uraza eta eskarola hostoak eta tipulin zirrindolak.
Ozpin-olioaren gainerakoa ondoan duela zerbitzatuko dugu entsalada, ozpin-olioaz nork bere gustura manea dezan. Horrela egiten badugu, hostoak ez dira zimelduko. Gainera, gai astunenak ontziaren hondoan eta arinenak gainaldean ipintzen baditugu, behar bezalako entsalada jango dugu, gaiak zanpatu gabe.
Aitzaki egokia dira entsalada hauek osagaiak etengabe aldatzeko. Oinarri honetan, nahi bezalako entsalada guztiak maneatu ahal izango ditugu, erremolatxa, kornixonak ozpinetan, Idiazabalgo gazta dadotan, eta abar gaineratuz. Ozpin-olioa ere alda dezakegu, ziapea, soja-saltsa edo limoi zukua erantsiz.