ERBIA ARDO BELTZAREN SALTSAN

Osagaiak

  • Erbi eder bat, puskatan zatitua eta bere gibelarekin
  • Litro eta erdi ardo beltz
  • Azenario bat, pikatua
  • Tipula handi bat, pikatua
  • Porru bat, pikatua
  • 2 baratxuri ale, zurituak
  • Piperbeltza, ale batzuk
  • Perrexil zurtoin batzuk
  • Xorta bat ozpin
  • Xorta bat brandy
  • Oliba olioa
  • Koilarakada bat irin
  • Litro eta erdia ur
  • Pastilla bat haragi-salda

Errezeta


Kazola zabal batean nahasiko ditugu erbi puskak eta ardoa, azenarioa, tipula, porrua, baratxuriak, perrexil zurtoinak, piperbeltza, ozpina eta gibela. Gutxienez 12 orduz edukiko dugu guztia hozkailuan. Haien ondoan, isurkari eta barazkietatik bereiziko dugu haragia. Zukua iragazi egingo dugu eta barazkiak gorde, perrexila izan ezik. Zuku hori irakiten jarriko dugu eta iragazi egingo dugu ondoren, zikina baztertzearren.

Eltze handi batean, olio pixar bat isuri eta su bero-beroan gorrituko ditugu erbi puskak, gibel zatiekin batean, gatza eman ondoan. Sutatik aterako ditugu ondoren haragi puskak eta gibela. Gelditu den koipe horretan gorrituko ditugu marinadako barazkiak eta haragi puska txigortuak erantsiko dizkiegu ondoren. Nahasi eta irina gaineratuko dugu. Su eztian edukiko dugu guztia maneatzen, 10 bat minutuan. Marinadako brandya eta ardoa isuri eta beste 10 minutuan edukiko guztia irakiten. Ura eta pastilla salda erantsiko ditugu gero; eltzea tapatu eta 90 bat minutuan edukiko dugu guztia gozatzen, haragia xamur gelditu arte.

Puskak erretiratu eta turmixean xehatuko dugu salda. Erregositako erbiaren gainean iragaziko dugu ondoren salda. 15 bat minutuan irakiten utzi eta mahairako prest egongo da erbia saltsan.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?