PATATAK MIKROUHINETAN APURTUTA

Osagaiak

  • 10 patata ertain, garbituak eta zuritu gabeak
  • Oliba olio birjina, zorrotada bat
  • Gurin puska eder bat
  • Gatza

Errezeta


Patatak garbitu, eta sardexka baten hortzez zulatu alde guztietatik. Mikrouhinen labe batean sartu potentziarik handienean, eta 12ren bat minutuz utzi han egiten. Labearen platera birakaria bada, patatak erretiluaren ertzean paratu, hor baitu indarrik handiena labeak eta hor egiten baitira janariak hobekien. Erretilua fina bada, hiru minututik gutxi gorabehera (edo tarte laburragoz apika) patatak jiratu egingo ditugu tarteka. Ez ahaztu erdi eginik daudenean, 6 minuturen buruan alegia, buelta ematea, alde guztietatik egin daitezen.

Eginda daudela ikusten dugunean, epeltzen utzi eta zuritu, eta katilu batean edo jateko erabiliko dugun platerean jarri. Gatza eman eta gurinez edo oliba olioz zipriztindu, nahi erara, eta bueltak eman sardexka batekin, pixka bat zanpatuz, hauts daitezen eta beroarekin koipea xurgatu eta ongi gozaturik geldi daitezen.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?