Osagaiak
Errezeta
Moldea prestatzeko: Gai guztiak nahasiko ditugu orea egiteko. Gopor batean nahasiko ditugu lehenik irina eta azukrea. Biraka erabili ondoren erantsiko dugu gurin guria. Orea egiten hasiko gara orduan, koipea ongi nahasiz, eta arrautzak gaineratuko ditugu azkenean. Ongi batu eta oratuko ditugu gai guztiak. Orea goporraren paretetatik askatzen hasia dela sumatu orduko, film paperean bildu eta hozkailuan utziko dugu pausatzen, ordu erdi batez.
Bitan moztuko dugu ondoren orea (bi tarta ertain egin ahal izango ditugu). Arrabolez mehe-mehe zabaldu eta aurrez gurinez igurtzi eta irinez hautseztaturiko molde bat estaliko dugu oreaz. Ongi estutuko dugu orea, moldean behar bezala egoki dadin, eta moztu egingo dugu ondoren soberakina. Ongi zabaldu eta gero, pausatzen utziko dugu orea hozkailuan, 20 minutuan gutxienez. Labean sartuko dugu ondoren, 180º-ko tenperaturan. Aurrez, babarrun lehorrez beteko dugu labe barrua, sulfuroztaturiko paper-orri batean gainean, orea haz ez dadin. 15 bat minuturen ostean aterako dugu orea labetik, eta pausatzen utziko dugu, hoztu arte. Betegarria egingo dugu bitartean.
Betegarria prestatzeko: Nahasi egingo ditugu gopor batean osagai guztiak, bizkor jorik, krema leun-leuna itxuratu arte. Betegarriaren erdia lurrera eror ez dakigun, tarta-hondoaren gainean isuriko dugu, bai, baina labe-erretiluan dagoela, mahaitik laberako bidean tuntunarena ez egitearren. Labean erretako moldearen barruan isuriko dugu betegarria, kontu handiz eta mailara iritsi arte. Labe-erretilua hondora bultzatu, atea itxi eta 200º-ko tenperaturan edukiko dugu erretzen, 25 bat minutuan. Betegarria mamitu dela frogatu beharra dago inolaz ere. Dardaraz ageriko da barruko betegarria eta txigor xamar gainazala. Hozten utzi eta zerbitzatuko dugu tarta.