Osagaiak
Errezeta
Bizkotxoa egiteko, katiluan 5 arrautza eta 75g azukre nahasiko ditugu. Indarrez irabiatuko dugu, orea loditzen eta zuritzen den arte, ongi harroa gelditzen den arte. Ondoren, irina bahetu eta euri fin gisara erantsiko diegu, poliki-poliki, arrautzei eta azukreari. Orea laberako paper sulfuroztatuaren gainean hedatu eta labean sartuko dugu, 7 minutuan, 180 graduan, lehortzen utzi gabe, gero xamur-xamurra geldi dadin.
Bizkotxoarentzako bainua honela prestatuko dugu: kafe bikoitza, hotza, amarettoarekin nahasi eta hozten utziko dugu.
Krema honela: katilu batean hagaxkekin arrautza gorringoak eta 4 koilarakada azukre ongi jo, krema franko horratzen den arte, lehen halako bi egiten den arte gutxi gorabehera. Ondoren, eragiteari utzi gabe, mascarpone gazta erantsi, pixkanaka-pixkanaka, dena bat egiten den arte. Bukatzeko, beste 4 koilarakada azukre eman diegun arrautza zuringo harro-harrotuak erantsiko ditugu.
Tiramisua plum-cake moduko molde batean harrotzen ahal dugu, tartarako edo bizkotxorako erabiltzen ditugun horietako batean, edo baita portzelanazko ontzi txikietan ere, erasoagoa baita gero bakoitzari zerbitzatzeko. Erraz-erraza da. Bizkotxo-plantxa hautatu dugun ontziaren hondoaren tamainako puskatan moztuko dugu, eta puskak, esaterako, ontzi txikien hondoan jarriko ditugu. Puskak gero kafe-bainuaz blaitu, koilarakada eder bat botaz, harik eta bizkotxoa ongi urasetu arte. Ondoren gazta-krema ongi harrotua eman gainetik, ertzetaraino. Krema denbora-tarte batez hozten utzi behar dugu, hozkailuan esaterako, eta zerbitzatu baino lehenago kakao mingotsaren hautsez parpar eman oparo. Kafe-bainutik alkohola kendu, gehiegi gustatzen bazaie ere.