ITSAS KABRA ESKABETXEAN

Osagaiak

  • 1,5 kg itsas kabra edo kabrarroka, bi edo hiru zatitan moztua, garbi eta errairik gabe
  • Irina eta frijitzeko olioa
  • 2 tipulin eder, zerrendatan moztuak
  • 8 baratxuri xister, osorik
  • Erramua, hosto fresko bat
  • 4 koilarakada tomate saltsa
  • 10 koilarakada oliba olio
  • Koilarakada bat piperrauts gozo
  • Koilarakada erdia piperrauts min
  • Litro erdia oliba olio birjina
  • Litro laurdena sagardo-ozpin
  • Litro laurdena ardo zuri
  • Gatza
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Gatza eman, irinetan azaletik pasa eta olio ugarian frijituko ditugu itsas kabra puskak. Xukatu eta geroko gordeko ditugu.

Kazola handi bat sutan jarri, koilarakada batzuk oliba olio isuri, tipulinak, porrua eta baratxuriak ipini eta, gatz pixka bat eman ondoren, frijitzen edukiko dugu dena su eztian, 10 bat minutuan. Piperrautsa eta erramua gaineratuko ditugu ondoren. Nahasi eta oliba-olio birjina, sagardo-ozpin eta ardo zuriaren txanda izango da hurren. Irakin eta beste 5 bat minutuan utziko dugu dena egosten, ozpinak indarra gal dezan. Sua itzali eta epeltzen utziko dugu ondoren eskabetxea. Une horretan kazolaratuko ditugu itsas kabra puskak, lehor ez daitezen. Beste pare bat minutuan edukiko ditugu itsas kabra puskak su eztian, irakiten utzi gabe. Sutatik atera eta hozten utziko dugu ondoren guztia.

Hoberena dugu dena prestatu eta jakiari gutxienez 12 orduz epeltzen utzi ostean ohore egitea. Itsas kabra behar bezala bustiko da ordurako zuku horretan. Patata egosi batzuk izan daitezke lagungarri ona: eskabetxearen barazki eta zukuarekin onduko ditugu, gatz pixka batekin.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?