Beharrezkoak
Errezeta
Kardutik burua baino ez dugu sukaldean maneatzen. Oinaldetik bizpahiru arra gora, gogorrak eta zailduak daude haren orri-mamiak. Ez du merezi sukaldean prestatzea.
Ebaki bat egingo dugu karduaren oinaldean, orri-mamiak bereizteko. Gorde egingo dugu ebakitako puska: zuritu ondoan, haren barruan ageriko zaigu karduaren mamia, zatitutako orri-mamiekin batean maneatuko duguna.
12/14 cm-ko puskatan zatituko ditugu orri-mamiak. Adar bakoitzetik bizpahiru zati aterako ditugu, karduaren neurriaren arabera. Laban zorrotz batez kenduko diegu alde izurtuan ageri duen mintza, eta beste aldetik hariak.
Puskak ongi zuritu eta gero, 5 cm-ko zatiak egingo ditugu. Hasieran ebaki dugun puska ere zurituko dugu, eta bizpahiru zatitan moztu. Garbitu ahala erantsiko ditugu puskak presio-eltzean irakitan edukiko dugun ur gazian, airearen kutsaduraren poderioz ilun ez daitezen. Azken zatia eltzeratu ondoan egosiko ditugu.
Ez diogu limoirik edo irinik erantsiko egoste saldari, barazkiak berezko zaporea gal ez dezan. Garbitu bezain laster eta gordinik botako dugu kardua irakitan dagoen urera, ilundu ez dadin.