KUIATXOAK BAKAILAOZ BETETA

Osagaiak

  • Bakailao errezeta bat, ajoarrieroa
  • 4 kuiatxo handi
  • 4 koilarakada oliba olio
  • Gatza
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Kuiatxoak garbitu eta lehortuko ditugu. Luzetara moztu bitan, eta koilaratxo baten laguntzaz hustu egingo ditugu, kontu handiz, haragi pixka bat utziz azalari erantsita, zentimetro bat gutxi gorabehera. Atera dugun kuiatxo mamia xehatuko dugu gero.

Zartagin handi batean, koilarakada bat oliotan, 8 kuiatxo erdiak gazitu eta bi aldeetan gorrituko ditugu pixka bat. Labeko erretilu batean utziko ditugu. Kuiatxoak salteatu ditugun zartagin berean, gainerako olioa jarri eta, su bizi-bizian, frijituko dugu kuiatxo mamia, 10 bat minutuz, ongi egiten den arte. Orduan, une horretan, ajoarrieroa erantsi eta ongi nahasi. Gatzik behar ote duen begiratu. Hori izango da kuiatxoen betegarria.

Kuiatxo hustu eta salteatuak beteko ditugu orain. Betegarriak muinoa egin dezala. Labean edo mikrouhinen labean berotu minutu batzuez, behar duten tenperatura iritsi dutela ikusten dugun arte.

Elikagaietan aberatsagoak izan daitezen nahi badugu, labera sartu aurretik bexamel egin berriaz eta gazta arraspatuaz estali, edo gazta arraspatu hutsaz, axaletik erreak eta gorrituak izateko. Horrela, gustagarriagoak izango dira haurrentzat.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?