LEGATZ ARRABA EGOSIAK

Osagaiak

  • 800 g legatz arraba fresko
  • Tipulin bat
  • Eskukada bat perrexil adaxka
  • Porru txiki bat
  • Xorta bat ardo zuri
  • Xorta bat oliba olio
  • Gatza eta ura
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Erosi bezain laster, komenigarria izaten da arrabak ur hotz gazian beratzen jartzea, odol-hustutzeko eta egosi bitartean ez gezatzeko.

Arraba ez beste gaiak batu (beratzen edukiko ditugu betiere arrabak) eta ur ugaritan sartuko ditugu. Olioa erantsiko dugu ondoren, zorrotada oparo bat. 5 bat minutuan edukiko guztia irakiten, arrabak egosiko diren salda arin bat itxuratzearren. Itzali eta epeltzen utziko dugu kazola, eta orduantxe barneratuko ditugu arrabak. Sua bizitu eta salda bor-bor hasi orduko aterako dugu kazola sutatik. Salda barruan hoztuko dira arrabak. Horrela jokatzen ez badugu, leherrarazi egingo ditu arrabak etengabeko irakinaldiak.

Hoztu direnean aterako ditugu arrabak saldatik, nahi bezala erabiltzeko. Besterik gabe, oliba olio birjinan bustiak, jaki ezin hobea dira. Garbi dago salda ez dugula alferrik botako. Ezta pentsatu ere! Berriro erabiliko dugu, arrain zopa bat egiteko, arroz bat bustitzeko. Nahi dena, baina ez arren alferrik bota!



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?